KUID

a t i z a b a l i k ipuinaren aurkezpenak!!

Bloga / 2026-05-14 9:22 am a t i z a b a l i k ipuinaren aurkezpenak!! «Hau ez da rock banda baten historia, baina izan zitekeen, puntx hori dauka.»   Horrela hasten da 2025ean Ikaztegietan Geuretik Sortuak ekimenaren barruan idatzi nuen ipuina. Fabula politiko bat da, politikagintzan narratiba berriak behar ditugula iruditzen zaidalako. Ipuinaren abiapuntua hau da: Ikaztegieta izeneko herri itxuran baketsu honetara komunitate berri bat etorri da bizitzera, etxe handi bat hartuta. Guk orohar ontzat ditugun hainbat balore muturreraino ulertzen dituzte haiek. Bizitzeko modu ezberdin horren ispiluak herriko komunitateari erronka berriak ekarriko dizkio, gure bizimodu kapitalista erosoa ezbaian jarriz, klima-krisialdi testuinguru batean. Batzuek deituko diete hippyak, beste batzuek sekta… baina pertsona atsegin eta zintzoak dira, maitagarriak… eta euskaldunak. Irakurlea interpelatu egiten du ipuinak eta gai asko ekartzen dizkigu mahai gainera. Hemen duzu irakurgai: https://kuid.eus/proposamenak/sorkuntza/ Hemen elkarrizketa bat: https://ataria.eus/ikaztegieta/1774436630312-iruditzen-zait-kontakizun-politiko-berriak-falta-ditugula   Aurkezpenak datoz orain. Ikaztegietan (Gipuzkoa) egin nuen martxoan eta solasaldi bizia piztu zen bertan. Hurrengoak Betelun (Nafarroa) eta Larrabetzun (Bizkaia) izango dira: Maiatzaren 27an asteazkenez Betelun, Udaletxeko erabilera anitzeko gelan, 18:00etan. Ekainaren 4an ostegunez Larrabetzun, Goikointxurretan 19:00etan.

Irakurzaletasuna maitasunetik, mesedez

Bloga / 2026-04-30 7:25 am Irakurzaletasuna maitasunetik, mesedez Gaztetxo nintzela, amak behin erdi brometan erdi seriotan zera esan zidan: Norbait ezagutu eta bere etxera joaterakoan han libururik ez baldin badago irten korrika berehala. Duela hiru urte, alaba Derioko institutuan nobela bati buruzko azterketa baterako ikasten ari zela, bere irakasleari idazteko ausardia izan nuen. Kontatu nion nire ikasle garaian Mikel Hernandez Abaitua idazlea izan nuela euskara irakasle, eta berak egiten zuena: berarekin genituen hiru eskola orduetatik bat irakurtzen ematen genuen, astero. Institutuko liburutegiko liburuak (eta bere etxekoak ere, esango nuke) ekartzen zituen gelara, liburu mordoxka bat, eta ordubetez nahi genuena irakurri genezakeen. Liburu batekin probatu eta gustoko ez izanez gero beste bat hartu; gustoko izanez gero, aldiz, liburua etxera eramatea genuen. Batzuetan musika ere jartzen zigun, jazza edo klasikoa, kasetetan, irakurketa tarte haiek atseginago egiteko.  Inoiz ez zigun inolako azterketa edo frogarik egin bertan irakurtzen genuenari buruz. Ez dut gogoratzen asteko beste bi euskarako orduetan zer egiten ote genuen (ez eta ikasturte hartako beste ikasgaietan ere, egia esan), baina irakurketarako tarte hura biziki gogoratzen dut, eta nire irakurzaletasunean asko eragin zuela ere lasai esan dezaket.  Irakurzaletasuna sustatzeak, nere ustez, hezkuntzaren helburu gorena izan behar du, nor bere kabuz jakintzatara ailegatzeko biderik aberatsena delako, pentsaera konplexua garatuz eta izpiritu kritikoa aberastuz, plazer iturri amaigabea izateaz gain. Irakurzaletasuna presiorik gabe sustatu behar dela ere argi daukat, ez baldin badugu harekiko herrarik eragin nahi. Hamar urteko umeei Irakurtzea gorroto dut esaten entzuten diet askotan eta kezkagarria da, zaindu beharreko kontua. Gauzak beste era batera egin daitezkeela esan beharra dago: betebeharretik baino plazerretik eta maitasunetik ikasten diren gauzak betiko ikasten direla, alegia. Pantailak monstruotzen ez naiz hasiko orain, baina nabaria da galdu dugun kontzentrazio gaitasuna eta arnas luzeko jarduera luzeak egiteko dugun zailtasuna, garai hauek jartzen diguten erritmo honetan. Kontuz ibili beharko genuke, mezu sinple eta laburren ekosistema hau autopista aproposa baita inguruan dauzkagun faxismoen mezuak hedatzeko. Eta horrek bai ematen du korrika irtetzeko gogoa… baina korrika nora?

Natura parkean jolas aberatsa

Bloga / 2026-04-20 5:17 pm Natura parkean jolas aberatsa Gaur egun ume gehienek parke hitza entzuten dutenean, naturgune bat baino, umeentzako espreski diseinatutako kolorinetako parke aseptiko horiek irudikatzen dituzte. Eta tristea da, mugatua den bezala gomazko eta burdinezko eraikuntza horietan gara daitekeen jolasa. Lemoako herriak altxor bat dauka eta udaberri-uda honetan ezagutuko du, Kamane natura parkea aisialdirako leku oso interesgarria izateko bidean baita. Naturan kokatu eta dagoena errespetatu eta naturak ematen dituen aukerak balioan jartzeko politikarekin garatu nahi da natura parke hau. Lemoako Umeen Kontseiluak iaz egin zituen bere lehen lanak bertan eta aurten berriro ekin dio horri, baina ez gara bakarrak, badira eta herriko beste eragile batzuk ere gune honi buruz pentsatzen eta diseinatzen. Martxoaren 24ko saioan Kamanera joan ginen aurtengo Umeen Kontseiluko hamaika umeak Esther Iturrioz alkatearekin batera. Umeak lanera gentozela konbentzitzea kostatu egin zitzaigun, eguzkia lagun bertara iritsi bezain laster makilekin, arbolekin eta abarrekin jolasean jarri baitziren. Jolas horrek argitu zigun ordea lanerako bidea, izan ere gure lanaldiek bi orduko iraupena dute eta, atrakzio parke batetik hurbilago zeuden umeen hasierako eskaeratatik, jarrera aldatzen joan zen eta parkerako eskatzen zituzten gauzak bestelakoak izatera pasa ziren, beharrizanak argiago ikusten baitzituzten jolastu ahala, naturaren baliabideekin busti ahala. Naturan libreki jolasteak jolas bizia eragiten baitu. Hala, egite horretan kokatu genituen iturriak (egarri ginelako), aukeratu genituen mahai eta aulki modeloak (gurasoak nonbaiten kokatu beharra ikusten genuelako;), aztertu genuen zakurren gaia nola konpondu (umeak seguru egoteko eta dena kakazatuta ez egoteko), aipatu genuen ondoan dagoen tabernarena, amets egin genuen zuhaitz-etxeren bat jartzea ederra izango zela, ikusi genituen bertan dauden gauzek eskaintzen dituzten jolasteko aukera anitzak… Hemen ikusi eta jaitsi ditzakezue saio honetako argazki guztiak: https://flic.kr/s/aHBqjCPccV

Homo ludens

Bloga / 2026-03-11 8:32 pm Homo ludens Heldukeriaren kontrako mugimendua ibiltzen hasia da. Helduzentrismoa helduen beharretan eta interesetan oinarritzen den gizartearen korronte hegemonikoa da. Hala, ereduan sartzen ez diren pertsonak mendean jartzen dira: haurtzaroa, nerabezaroa eta baita hirugarren adina ere. Kontua da adinaren araberako diskriminazioa normalizatuta dagoela eta ez dela beste menderakuntza-modu batzuk bezain agerikoa, arrazismoa, matxismoa edo klasismoa kasu. Hori ulertzeko, kalean bertan umeei esaten zaizkien gauzak eta esateko moduak aditzea besterik ez dago: heldu bati norbaitek horrela hitz egitekotan, baten batek poliziari deituko lioke. Helduen artean beste norbaiten jokaerak baliogabetzeko «umekeria» bezalako hitzak erabiltzea ere oso adierazgarria da. Gainera, heldu asko gazteenak menderatzeko eta kontrolatzeko ahalmenarekin sentitzen dira. Helduzentrismoa ikusteko eta desnormalizatzeko, diotenez, beharrezkoa da haurrei eta gazteei aktiboki entzutea, gertatu ohi diren botere-harremanak behatzea eta praktika adultista horiek indarkeria-mota bat direla onartzea. Neurri handi batean, kontrol logika batetik abiatzen dira, eta ez askatasun edo bizikidetza logika batetik. Bada garaia umeak pertsona osoak direla ulertzeko, eta ez pertsona-proiek- tuak. Haurtzaroa ezin da bizitzarako «prestakuntza» tarte gisa ulertu, eta horrek ezkutatzen duen oinarri adultista ulertu beharko genuke: bizitza «baliozkoa», berez, bizitza heldua dela. Helduok jolasteko daukagun gaitasun eta ohitura faltarekin lotzen dut nik heldukeriaren kontu hau. Helduegiak bilakatu gara, gizaki serio eta zurrunegiak jolasten ibiltzeko eta, egitekotan, oso esparru mugatuetan egiten dugu. Atzean utzi dugu umetasun eta jolasteko grina oro. Jolasa sorkuntza ororen oinarrian dago eta giza-ikerketaren osagai funtsezkoena da, bizitzarekiko pasioa da. Jolasean bere burua askatzen duenak mundua argi diferentean ikusteko aukera dauka. Zeharo mugatuta dugu ordea. Umeak ere gero eta gutxiago jolasten dira. Heldu aspertuen alde honetara gero eta lehenago aldatzen direla dirudi. Ez dut ondo ulertzen zergatik daukagun itxita egunerokoan jolaserako ate hau, osasun hutsa dena. Kontsumotik kanpoko alternatiba, zentzumenak ireki eta zure buruarekin eta besteekin gozamenetik konektatzeko aukera ematen duena. Helduak eta umeak elkarrekin jolasten diren herria herri zoriontsua izango baita.

Belaunaldi Arteko Eguna lehenengoz ospatu da Lezaman

Bloga / 2026-02-20 9:11 am Belaunaldi Arteko Eguna lehenengoz ospatu da Lezaman Nolakoa zen Lezama herria orain dela 50-60 urte? Nola bizi ziren XX. mende erdialdean hain ondo ezagutzen ditugun kale hauetan bizi zirenak? Zein ospakizun egiten zituzten? Zertan jolasten zuten garai haietako umeek? Abenduaren 14an, igande eguerdiz, LEUKO-Lezamako Umeen Kontseiluak proposatu eta antolatuta, ANTZINA EZAGUTU Belaunaldi Arteko Eguna ospatu genuen giro paregabean Lezaman. Hasteko, Lezamako Antzinako Historiak jasoko genituen herriko adintsuengandik eta argazki zaharrak ikusi genituen Kultur Aretoan. Batak zein besteak bere familiako pertsonak ezagutzen zituen paretan proiektatutako irudietan, eta umeen eta helduen harridura nabarmena zen kotxerik gabeko kale horiek eta antzinako ohiturak ikusterakoan. Horrekin batera, betiko jokoetan aritzeko aukera sortu genuen; bai, belaunaldiz belaunaldi transmititu izan diren joko guzti horiek, eta hain justu gaurko umeek ezagutzen ez dituztenak: trukemea, iturriak, tabak, tronpoa, diaboloa, kromoak… Bada, ospakizun honetan, seguruenik teknologien eraginez transmisioan gertatu den haustura hori osatzen pausu txiki bat egin genuen, eta gustura asko aritu ginen ume eta nagusiak elkarrekin jolasten! Aste honetatik aurrera betiko jokoetarako erositako material hauek (tronpoak, diaboloak, tabak) Gaztegunean egongo dira umeek jolasteko. Jaiaren hirugarren hanka talo tailerra izan zen. Bertan ibili ginen eskuak zikintzen eta gero talo goxoak eguzkipean dastatzen musika atseginarekin… Eskerrik asko bertan parte hartu zenuten guztiei LEUKOkoen partez, igande ederra izan zen! Asko esaten dugu belaunaldi bakoitza bere aldetik dabilela, ume txikiak ume txikiekin, ertainak ertainekin, gazteak gazteekin, helduak helduekin, adintsuenak ere berdin… eta gehiago elkartu gintezkeela elkarrekin gauzak egitera edo besterik gabe egotera. Bada, umeei amama-aititei buruz galdetu eta aurpegia maitasunez pizten zaie, asko gustatzen zaie haiekin egotea! Egin ditzagun halako ekitaldi gehiago! Hemen ikusi eta jaitsi ditzakezue egun honetako argazki guztiak: * LEUKO edo Lezamako Umeen Kontseilua Alkatearekin batera Lezamarentzako lan egiten duen 9 eta 12 urte bitarteko umeen lantalde bat da. Ordezkaritzaren zamarik gabe, Alkatearekin biltzen dira ume hauek hilean behin herrigintzan aritzera. Umeen partaidetza politikorako lantalde honek umeen begirada ekartzen dio Jon Ander Aurrekoetxea alkateari, bere zeregina aberastuz.

KUID-epizentroak aldatuz

Bloga / 2026-01-15 2:44 pm KUID-epizentroak aldatuz Kuid galdera guztien gakoa da, arazoen konponbidea, bizimodu onaren alde beti Kuid kuia da ere, eta kuia kalabaza da, ni bezala. Nik kalabaza armairutik atera nuen duela urte batzuk, eta gizartean gai askok armairutik ateratzea merezi dute. Esate baterako heldukeriak eta umeen partehartze politikoak. Esate baterako pertsona helduon jolasteko eskubideak eta grinak. Esate baterako balioko diguten sinismen eta errituak aurkitzeak… Epizentroak aldatuz nire ibilbide anitza zeharkatu duen begirada klase bat da: akatsa ala gaitasuna, gauzak begirada ezberdin batetik ikusteko modua, alteritatea, bestelakotasun bat, beste leku batean nagoen sentipen bat, dogmatismo guztiei aurre eginarazten didana, zerbait desberdinaren bila. Dardararazten nauena beste puntu batetik hasten da, eta nolabait ikuspuntu hori (besteentzat, munduarentzat) baliagarria izan daitekeen intuizioa daukat. Hortik abiatzen naiz. Sormena, maitasuna eta jolasa elkarrekin dauden leku horretatik. Hortxe daude ere besteekiko enpatia erradikala eta entzuketa sakona. Elkarrekin asmatzeko lekua gara! KUID-Epizentroak Aldatuz izeneko enpresa sortu nuen 2018 hasieran arlo ezberdinetako nere ekimen ezberdinak ekoizteko. Webgune hau 2026an dator. KUIDek astintzen nauten zenbait gairi buruzko proposamen ezberdinak ekarri nahi ditu mundura, bakoitzak behar duen forman. Ludikotasuna eta gizarte-ekintzaren artean. Bertan, proiektu anitzak biltzen dira, zintzotasun beretik jaioak. Pertsonen bizimodua hobetzeko proiektuak dira, mugak apurtuz eta etiketak saihestuz. Esan daiteke guztien oinarrian dagoela beste esperientzia mota baten beharra dagoela sentitzea. Nolabait zenbait ikuspegiren epizentroak aldatuz. Halako planteamenduak egiten ditut KUIDerako: -Bizi ditugun ordezko horiek detektatu & oinarrietara jo. -Pertsonek nor bere askatasunaz eta gaitasunez jabetzeko estrategia ezberdinak dira. -Beharrak aditu eta sortzeko baldintzak prestatu. KUID Maitasuna da; Berrasmatzea; Jolastea (Proposamen serioak, baina ludikoak); Narratiba berriak sortzea; Oso barnetik, beharrizanetik sortuak.

Aurrean duzun hau amaitu gabeko webgunea da

Bloga / 2026-01-01 1:26 pm Aurrean duzun hau amaitu gabeko webgunea da Aurrean duzun hau amaitu gabeko webgunea da Hala izan behar duelako Ez duelako ezer saldu nahi Ez duelako perfektu itxura eman nahi. Gure bizimoduaren zenbait arlo ezbaian jarri nahi ditu bizipozaren alde baina autolaguntza izan gabe … Ez dago amaituta… elkarrekin egiteko delako nahi baduzu, kilikiliak egiten badizkizu Urteetan zehar handik hona ibili naiz eta oso zeregin anitzetan ibili naiz baina beti beste aldetik ez dakit zergatik izan naizen beti outsider baina ospearen argitan inoiz ez naiz oso eroso egon, beti beste zerbaiten bila. Eztik litezkeenetara bidean. Baliteke hemendik kolaborazio oparoak sortzea edo baliteke ere norbaiti argi berriren bat piztu eta bere kabuz zerbait aurrera ateratzea… aberastea. Bejondeiola. Hori ondo ere. Eman ta zabal zazu… Hemen agertzen diren proposamen guztiak kolektiboak direla ikusiko duzu, horrek esan nahi du lagunekin hobeto gauzatuko direla, agian zeu izan zaitezke…