Sormen prozesua ez da erreza, zintzoa bada zure mugetaraino ailegatuko zara eta hor, zalantza ozeano horretan, zaila da laguntzarik gabe ikuspegi nahikoa zabala izatea. Idazketa prozesuen zein antzerki-sorkuntzatan kanpo-begirada izaten aritua naiz, enpatia erradikala, entzuketa sakona eta giroak sortzeko gaitasunak erabiliz.
Hemen kontatzen dizkizut azken urteetan izan ditudan bi esperientzia.
Silvia Estarreado lagunak liburu bat idazteko laguntza eskatu zidan. Buruan zeukan oso-osorik baina bera ez zen idazle… «eta zu idazlea zara», esan zidan. «Lagunduko dizut -esan nion, buruan zerabilen gaiari oso interesgarri iritzita- baina nik ez dut esaldi bakar bat ere idatziko, zuk idatziko duzu goitik behera», esan nion. Bi urteko sorkuntza prozesuan zehar ez nituen editore lanak egin, baizik liburu osoa erditzen lagundu nion lehen esalditik azkenera (entzuketa sakona eginez, galdera berriak ekarriz, kontatzen zidana adi entzun eta noraino ailega zitekeen ulertuz, solasaldiak grabatuz…), doula batek haur baten jaiotzan egiten duen moduan.
Hala jaio zen «La morada de Lilith» liburu iraultzailea.
Iñigo Iraultza lagunak La PEZ bere antzerki konpainiarekin ekoiztu nahi zuen obra berriarekin laguntza eskatu zidan. Berak nahi zuena ulertu eta bidea elkarrekin ikusten lagundu nion, eta bitarteko guztiak lortzen lagundu. Batzuetan materialak bilatu edo erosketak egin behar ziren, aizkolariekin hitzegin antzerki sorkuntza prozesu baten eromenean sartzeko anima zitezen, harrijasotzaileen harriak eta aizkolarien enborrak bilatu behar ziren, testugintzan nire ekarpenak egin, ensaioetan egon eta kanpo begirada bat eskaini eskena barruan zegoen sortzaileari, bai ensaioetan eta bai funtzioetan ere musika-teknikari aritu, prozesu osoan zehar giroa zaindu… Sortzailearen aingeru guardakoarena egin, azken finean.
Emaitza paregabea izan zen: La Pez antzerki konpainiaren «PLAZA» ikuskizunak 2024ko Leioako Umore Azokan euskal konpainien Sari Nagusia irabazi zuen eta ibilbide oparoa egiten ari da geroztik, hango eta hemengo publikoak zirrararaziz.


