KUID

Kuid

Zer da Kuid?

Galdera guztien gakoa da, le kuid de le kuestion, bizimodu onaren alde beti. Kuid kuia da ere, eta kuia kalabaza da.

Epizentroak aldatuz begirada klase bat da: akatsa ala gaitasuna, gauzak begirada ezberdin batetik ikusteko modua, alteritatea, bestelakotasun bat, beste leku batean egotea, dogmatismo guztietatik kanpo, pentsakera kapitalista heteropatriarkaletik kanpo, zerbait desberdinaren bila.

Dardararazten gaituena non dagoen bilatzea etengabe, inportanteena delakoan.

Sormena, maitasuna eta jolasa elkarrekin dauden leku horretatik abiatzen gara.

Elkarrekin asmatzeko lekua gara!

Pertsonen bizimodua hobetzeko ekimenak dira, mugak apurtuz eta etiketak saihestuz

Nor bere askatasunaz jabetzeko estrategiak

1.- Begiradak zabalduz:

Nahi genukeen bezala bizi gara? Zer dago haratago? Dogma guztiak alboratu eta zerbait berria sortzeko baldintzak prestatu.

2.- Oinarrietara joz:

Sormena, plazerrak, maitasuna, jolasa, haurtzaroak, natura, elkarbizitza, enpatia erradikala… Beste esperientzia mota baten beharra dagoelako, bizi ditugun ordezko guzti horien azpian.

3.- Epizentroak aldatuz:

Berrasmatu beharra dagoelako. Zirrara eta dardara eragiten digun hori non hasten da? Non ote daude gure behar eta grinen gakoak?

Peru Calabaza Saban dago honen atzean

Larrabetzuko biztanlea, kazetaria formazioz, Mina Espazioan eta antzerki garaikide sorkuntzan oparo aritua, mende aldaketarekin batera sormen heziketan, kazetaritza subertsiboan eta herrigintza maitakorrean sartu zen. Eta horretan dirau, beti argi izpi berrien bila, trabatuta somatzen dituen arloetan.

Hemen bere biografia (edo epitafio) posible bat:

  • Idazle, gidoilari eta sortzaile eszenikoa
  • Umorean bataiatua
  • Iraultza-eskolan ikasia
  • Kontzientzia-egoera asaldatuetan gradua EHUn
  • Edertasuna behatzen masterra
  • Tostadaren gainean gurina jartzen katedratikoa
  • Xamurtasunaren historialaria
  • Arropa eskegitzen Nobel saria
  • Performancean eta dantza garaikidean 53 urteko esperientzia
  • Nekazari berria
  • Hezitzailea, laguntzailea, laguna, maitalea
  • Autonomoa eta hala ere poeta.