* BIZI LARRABETZU aldizkarian
«Herri itxuran baketsu honetara komunitate berri bat etorri da bizitzera. Gure artean nolabait onartuak ditugun hainbat balore ditu oinarrian komunitate horrek, baina muturreraino eramaten dituzte haiek, hala nola: maitasun eta sexualitate osasuntsua, bakea, bortizkeriarik eza, ekologismoa, kontsumismo eza, komertzialismorik eza, bolondresgoa, besteekiko errespetua, kontsentsuz erabakitzea, aniztasun multikulturalak, sormena, espiritualtasuna, natura, ongizate komuna, elkarbizitza…
Batzuek deituko diete hippyak, beste batzuentzako sekta bat dira… baina pertsona atsegin eta zintzoak dira, maitagarriak… eta euskaldunak.»
Abiapuntu horrekin, herri txikietako komunitateen aukerei eta erresistentziei buruzko ipuin bat sortu du Peru Calabaza Sabanek, Geuretik Sortuak deialdiaren barruan. Ikaztegietan egin zuen sormen egoitza iaz eta ekainaren 4an aurkeztu zuen gurean.
Euskal Herria kontatu. Ahots anitzek kontatu. Batak besteari kontatu. Lokaletik unibertsalera kontatu. Herriz herri kontatu. Tokian tokiko iragana, oraina eta etorkizuna irudikatu. Imaginario berri bat sortu, euskaldunok euskaldunontzat. Geuretik sortutako memoria eta historia.
Euskarazko eskaintza kulturala ez da nahiko genukeen bezain zabala, eta horri erantzuteko asmoz sortu zen Geuretik Sortuak proiektua: euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatzen dituen zirkuitu nazionala. Hirugarren edizio honetan, zazpi lurraldeetako hainbat herritara iristen ari dira 40 euskal sortzaile baino gehiagoren lanak, lau arte-diziplinatakoak: antzerkia, zinema, komikia eta literatura.
Gure bizimodu erosoen kontradikzioez mintzo da Peruren ipuina, aldakor datorkigun etorkizun hurbilaren aurrean. Ikaztegieta bezalako herri txiki bateko komunitatearen erresistentziak eta pizgarriak kontatzen ditu, gure herriko errealitatera erraz ekar daitezkeen ikuspuntuak agerraraziz.
Fikzio dokumentatu horretan, Ikaztegietako herriak bere komunitate izaeraren errebisioa egin beharko du, aurrean ispilu berri potente bat agertu zaionean. Etorri berriekin esperientzia komunitario partekatuak izateko gai ote diren ikusi beharko da ere…
Hamaika irakurtzeko jaioak liburuan jasotzen da Peruren ipuina, beste hamar idazlerenekin batera.
Blog honetan egunerokoan KUIDetik proposatzen diren ekintzen eta sortzen diren albisteen eta gogoeten berri emango da.