KUID

Umeen Kontseiluak

Umeen Kontseilua Alkateari aholku ematen dion eta herriarentzako lan egiten duen 9 eta 12 urte bitarteko pertsonen lantaldea da.

Umeen Kontseiluan parte hartzen duten umeek euren iritzi, ikuspuntu eta desioak Alkatearekin partekatzen dituzte, eta erabakiak hartzen laguntzen diote, haren ikuspuntua aberastu eta haurren begiradatik ikas dezan bere udal ardurari dagokionean.

Umeen Kontseiluaren ideia Francesco Tonucci pedagogo italiarrak asmatu zuen La cittá dei bambini proiektuaren barruan, eta mundu osoko eta Euskal Herriko hainbat herritan abian jarri den ekimena da. Euskal Herri mailan Leioan hasi ginen Tonuccirekin batera lan egiten Solasgune enpresarekin Herrigune Leioa herri hezitzaile programaren barruan, duela hamabost bat urte. 2017az geroztik, Bizkaiko hainbat herritan Umeen Kontseiluak abiatu eta laguntzen ditugu KUID bezala.

ZER:

Umeen Kontseiluan parte hartzen duten umeek, ordezkaritzaren ardurarik gabe, euren iritzi eta nahiak Alkatearekin partekatzen dituzte, Alkatea umeen begiradaz aberastu eta bere udal ardurei begira ikasi ahal izan dezan.

Alkateak «erabakiak hartu ahal eta hartu behar dituena» ordezkatzen du, umeek berriz «bestea, boteretik kanpokoa». Alkate batentzat umeei aditzea oso gimnasia demokratiko indartsua da, Guztien Alkate izaten laguntzen baitio.

Umeen Kontseilua hilean behin bilduko da bi orduz, eskola ordutegi barruan, gehienetan Kultur Etxean edo egoitza duen herriko beste gelaren batean eta batzuetan Udaletxeko Osoko Aretoan.

NOLA:
  • Umeen Kontseilua aurrera ateratzeko aldez aurretik Alkatearen aldetik haurrengandiko harremanetik ikasteko nahia egon behar du, haurrei hiritartasun presentzia eta eskubide osoa emango dien udal kudeaketa espazioa eraikiz. Horrez gain, Alkateak jasotako aholkuak bere gobernu lantaldeari pasatzeko konpromisoa hartzen du, horrela etengabeko harreman estua eraikiz Umeen Kontseilua eta Gobernu Taldearen artean.
  • Umeen Kontseiluak umeen pausura lan egiten du, umeen begirada gure herrian pausatuz, haien ikuspuntuak gure ohiturak zalantzan jarriz, gure herria arakatzen ere: non egoten diren gustoren, nola erabiltzen duten herria, zer egitea maite duten non, opor osoak jolasten pasatzeko nolako herria nahi luketen… herria eraikitzen, herria bere egiten. Segurtasun eta askatasun baldintzak ziurtatzeko lana hartzen duten pertsona nagusi bik ere laguntzen dute prozesua.
ZERGATIK:
  • Umeen Kontseiluak umeak protagonista dituen arren, nagusien eskariz jaiotzen den proiektua da: Alkatea bera da umeei galdetzen diena, umeei hain zuzen kontseilua eskatzen diena, herrigintzan hartu behar dituen erabakietan udalerriko txikienen ahotsa aditzeko, umeen begirada bere egin eta kontutan hartzeko.
  • Bestalde, umeengan berebiziko interesa pizten du Kontseiluak: bereziki euren proposamenetan adituak direla eta herriaren parte inplikatua direla sentitzea, baina baita egiten den lanaren atsegina, Alkatearekin batera udal-gaietan jardun ahal izatea, Udalaren funtzionamenduarekin zerikusia duten kontu anitzen berri izatea, taldeka egitasmoak egiten eta aurkezten ikastea, udal-informazioa modu ezberdinetan ikertzeko aukera izatea…