KUID

Non Stop Jolasa

Egitasmo honen oinarrizko ideia jolas librea adina guztietako pertsonen artean sustatzea da

Adina guztietako pertsonek libreki eta elkarrekin (zein bakarka) jolastu ahal izateko espazio baten prototipoa da NON STOP JOLASA.

Alde batetik, prestatutako espazioaren egokitasunaren gaineko ikerketa burutzen ari gara eta horretarako zuzeneko saioak eskaintzen ditugu. Bestetik, jolasa pertsona guztientzako aldarrikatu nahi dugu, hitz egin dadila horretaz, uneoro gauzatu ahal izateko moduko kontua baita, mundu serioegi honetan.

BIDEOAK:

AURKEZPEN BIDEOA

BAD 2017:

KARMELA 2019:

Jolasa sorkuntza ororen oinarrian dago, eta giza-ikerketaren osagai funtsezkoena da.

Jolastea asmatzea da, eta jolasteko gaitasunarekin konektatzeko beharra dugu baldin eta bizimodu atseginagoa nahi badugu. Jolasa bizitzarekiko pasioa da, eta benetazko jolasa oso antzekoa da 6 urteko neskatoarengan eta 60 urteko gizonarengan. Jolasak librea, arriskutsua eta batzuetan izkutua ere izan behar du. Epairik gabea, bidaia intimoa. Jolasean parte hartzen duenak mundua modu diferentean ikusteko aukera dauka, eta eraldatzailea eta subertsiboa gerta daitekeen esperientzia batetan parte hartzeko aukera ematen du.

Ingelesez Free Play inprobisatzeari esaten zaio, musika jotzerakoan adibidez, soinu mundu berriak asmatuz.

Zeharo mugatuta dugu ordea. Umeek gero eta gutxiago jolasten dute eta helduok oso esparru mugatuetan egiten dugu eta ia beti modu arautuan, partiturari lotuak, esango nuke. Jokatu jokatzen dugu, noizbehinka, baina jolasten ez diogu uzten geure buruari.

JOKOA vs. JOLASA

Ohikoa da bi hitz hauek sinonimo bezala erabiltzea baina oso urruti daudela behatu ahal dugu. Jokoa gure bizitzan guztiz txertatua daukagun bitartean, jolasa galbidean dugu. Jokoa arautua dago, normalean konpetitibitatea sustatzen du eta garaile bat(zu)en alboan galtzaile bat(zuk) daude. Jolasak, aldiz, atsegin edo atseden hartzea beste helbururik ez dauka. Jolas librean pertsonak erabakitzen du unean unean zer, nola, norekin jolasten duen, eta zure buruarekin konektatu arazten dizu, askatasunean murgilduz.

MOTIBAZIOA

Jolasteko ohitura gutxi dugu, baldin eta joko arautuetan ez bada. Ikerketa honen ardatzetako bat jolasteko -bereziki helduok baina baita umeek ere- dauzkagun muga guzti hauei nola aurre egitean datza: zer nolako mezuak bidali, jendea jakinminez eta gogo jostalariz hurbiltzeko lehenik, eta behin bertaratuta jolasteari ekin diezaioten. Bidaltzen diren mezuez gain, jakina, bertan aurkituko duten giroak ere izango du zeresanik, jolasa eten ez dadin.

GIRO PRESTATUA

Nolakoa litzateke adin eta berezitasun guztietako pertsonek jolasteko girorik aproposena? ziurrenik iluntasun guneak beharrezkoak izango dira, edo izkutatzeko lekuak, hala nola kanping dendak edo kortina atzeko guneak; isiltasun osoa egotea ere ez dirudi aproposena beldurrak eta lotsak astintzeko, beraz soinu-banda egoki bat bilatu beharko da; argiztapena, tenperatura eta orohar giroan eragin dezaketen faktore guztiak aintzat hartu beharko dira, bereziki materialak eta espazioan egongo diren hezitzaileen rola.

HEZITZAILEEN ROLA

Espazioa eta bereziki pertsonak zaintzeko zenbait hezitzaile izango gara jolas espazioan. Aurreratu eta proposatu gabe, gertatzen ari den jolasa laguntzea, pertsonak eta materialak zaintzea, bertaratutako pertsona guztiek beren jolasa garatu ahal izateko baldintzarik egokienak bilatzea unean unean, materialak antolatuz, giroa zainduz, pertsonekin tratu hurbila izanez…

IKERTZAILEEN LANA

Jolasa beti hor egon denez giza-garapenaren funtsean, ez dugu gai honen gainean ikertu dutenen lana oso aparte utziko, eta eskura izango ditugu, adibidez, John Huizingaren ‘Homo ludens’ idazlan klasikoa, edo Caillois, Vaneigem, Lazzarato eta abarren ikerketak; baita Fluxus, dadaistek edota situzionistek egindako lanak (eta jolasak) ere. Bestalde, gaur egun hezkuntza aktiboaren ikerketa arlotik ere hainbat ahots aditu ditzakegu jolasaren mamiari helduz, ikerketarako giza-erramintarik handiena den heinean: Miguel Castro, Vega Martín, Piter Blanco, Eukene Fernández, Jose Briz, Francesco Tonucci, André Stern, Ken Robinson, Piaget, Vigotsky, Montessori, A.S.Neill, Rebeca Wild edo Alfredo Mantovani, nor bere arlotik.

.

Komunikabideetan:

«Heldua naiz eta jolas egin nahi dut»

Oparitxo bat: