Etengabeko hazkundean oinarritutako bizimodu kapitalista honetan, zaldi ero baten gainean jarraitzen dugu ezer gertatuko ez balitz bezala.
Paradigma aldaketa bat eragin beharko dugu etorkizunerako itxaropena erein nahi badugu, ekologia sakonean, ekofeminismoan, permakulturan eta abar oinarrituta.
Esperantzan sinisteko moduak egon badaudela esan beharra dago, eta ildo honetan sakonduko dugu ezinbestean. Animatzen zara?
Gure errealitatea eraikitzeko erabiltzen dugun ikuspegi antropozentrikoan ez bezala, ekologia sakonak eredu biozentriko bat proposatzen du, non mundu naturaleko elementu bakoitzak berezko balio bat duen, gizakiok eman diezaiokegun erabilgarritasunaz harago. Pertsonak ere natura garela alegia, sistema bizi eta interdependente baten parte garela.
Gizakiok deskonektatu egin gara eta Lurra eta izaki eta elementu natural guztiak gure zerbitzura baleude bezala bizi gara. Birkonektatzen duen lana talde-praktika batzuk dira, bizitzaren amaraunarekin eta gure emozio sakonenekin konektatzen laguntzen digutenak, aktibatzea lortzeko.
Gero eta ikaragarriagoa den errealitate batek sortzen digun beldurraren, amorruaren edo antsietatearen aurrean, askotan defentsa-mekanismo gisa insentsibilizatu egiten gara. Hala ere, deskonexio emozional horrek blokeatu eta geldiarazi egiten gaitu. Egoera hori gainditzeko, Joanna Macyk ekologia sakonaren filosofian eta sistemen teorian oinarritutako metodologia aberatsa garatu zuen: Birkonektatzen duen lana.
Espazio seguru batean eta talde-jardueren bidez, metodologia horrek gure emozioei aurre egin eta onartzera gonbidatzen gaitu. Zaila izan daitekeen arren bertatik aritzea, funtsezkoa da gure erantzukizun sozial eta ekologikoarekin berriz konektatzeko. Baina ez errutik, baizik eta gure helburua gure onena eskaintzeko nahiarekin lerrokatzearen pozetik, barruan daramagun ahalmen bakar eta berezi hori aitortuz.





