KUID

Komunitatea

Egitasmo honen oinarrizko ideia jolas librea adina guztietako pertsonen artean sustatzea da

Gizarte modernoaren indibidualismoak bakardadera garamatzan honetan, erronka komunitario anitzei ekiteko gogoz beti ere, modu ezberdinetan hurbilekoak elkar zainduz.

Erronka komunitarioak anitzak dira, jarduera orok beti ere negoziora jotzen duela dirudien panorama honetan. Lagunekin, auzokoekin, herritarrekin… Harremanetan sakontzea, saretzea, elkar zaintzea eta elkarrekin gozatzea… Halako gauzak.

Cohousing edo elkarrekin bizitzea hurrengo erronka handia izan daiteke, etxebizitzaren arazoari aurre eginez eta indibidualismoaren aurrean elkarlaguntza sustatuz.

Webgune honetan aipatzen direnez gain, parte hartutako esperientzia komunitario ezberdin batzuk aipatuko ditugu hemen:

Mina Espazio (1997-2000)

1997ko urriaren 3an Bilboko Labayru kalean jaio zen espazio multidiziplinar alternatiboa. Bertan diziplina desberdinetako Euskal Herriko hainbat sortzaile batu ginen, helburu bakar batekin: sentitzen genuena esan, sentitzen genuena egin, sorkuntzaren eskutik beti; eta sortu nahi zuen orok horretarako leku bat edukitzea.

Antzerkiola Imaginarioa (1998-2003)

1998an Mina Espazioan sortutako komunitate antzerki konpainia. Jolasean jaiotzen diren antzerki-sorkuntzak egiten zituen, bertan txertatuz antzerki-dramatika desberdinak: testua, musika, espazioa, argiztapena, objektuak, aktoreak, dantza, etab.

Solasgune (2004-2016)

Herrigune Leioa herritartasunaren laborategia da. Ikasketa prozesu kolektiboak bultzatzen ditu, eta auzotarrak beren interes eta beharretatik abiatuta lotzen ditu, ongizate komunitarioko ekimenak aktibatzeko. Herrigune Leioa programa osatzen duten hezkuntza-jarduera komunitarioetan antolatzaile eta hezitzaile hamabi urtez: Umeen Kontseilua, Leioaztarren Ezagutzen Sarea, Irakale, Ekintza Tailerra, Zilborhestea, Ondizko familia-kanpaldia, Oinezkoen Pausura Ibilaldiak, Kontsumo Iraunkorraren Azoka e.a.

Gernika Nº1 Espacio comunitario (2010)

Auzo-komunitateen eremuan baliabide artistikoak erabiltzeak dakartzan onurak ikertzeko proiektua, elkarren arteko ezagutza sustatzeko eta kultura-, gizarte- edo hizkuntza-harremanetako alderdi komunitarioak garatzeko.

De la comunidad de vecinos... al espacio comunitario (2012-13)

Auzo bateko pertsonen arteko harremanak sustatzeko kezkak eta proposamenak partekatzeko lekua.

Bizigune Zabal (2011-13)

Familiek kudeatutako umeentzako gune segurua izan zen Larrabetzuko Goikoelexalde auzoan. Umeek euren berezko ekintzetan, jolas librean aritzeko sortua 3-6 urte bitartean. 2009an sei familien artean abiatuta, bere txikitasunean handi, hezitzaile eta arduradun finkorik gabe, eskuz esku, familiaz familia pasatuz joan zen, 2020ra bitartean.

Laboragunea (2011-16)

Aske hazteko espazioa. 2011ko urtarrilean ireki zituen ateak Laboraguneak, heldu eta ikasteko baldintza hobeak bilatzen dituzten pertsonei eta familiei leku bat eskaintzeko. Guraso lanak partekatu eta hazkuntza sortzaile eta osasuntsurako tresna baliagarria izan nahi du IkasGunea; zernora pertsonala eta ikaskuntza partekatuen momentua.

Larrabetzuko Zine Kluba (2022-25)

Oso proiektu txikia izan zen, gure herrian hainbat pertsona zinea egiten ari zirela eta euren lanak Larrabetzuko jendearentzat erakustea merezi zuela ohartu ginenean. Larrabetzuk 2.000 biztanle ditu, eta gurea film bat ikusteko lagun batzuk etxe batean geratzearen parekoa zen, baina herri mailan.  Alkateari baimena eskatu genion eta udaletxeko osoko bilkuren aretoa utzi zigun proiekzioak egiteko. Hor elkartzen ginen hilabete bakoitzeko hirugarren astearteetan 20-30 pertsona inguru, beti zuzendaria edo filmarekin zerikusia duen pertsonaren bat bertan zela, elkarrekin ikusteko, pixka batean hitz egiteko, eta gero elkarrekin zerbait hartzeko. Dirurik erabili gabe. Oparia topaketa bera zen, ikusentzunezko proposamena eta ondorengo tarte hori partekatzea.

Barikubazkariak (2020-)

Hiru familia ostiralero-ostiralero elkarrekin bazkaltzera geratzen gara, baten etxetik bestearenera txandakatuz. Askotan gure zereginek ez ziguten elkarrekin egoteko tarte handirik uzten eta modu sinple honetan bermatu genuen gure egunerokoen partekatzea. Elkarrekin film laburrak egiten ere hasiak gara, izen hori bera erabiliz.