Etorkizunean gerta litezkeen kolapso egoeren aurrean lursail baten talde-erosketa egin genuen Gurpide elkartearen ekimenez, eta geroztik bertan trebatzen ari gara landare mota desberdinen zaintzan: barazkiak, sendabelarrak, fruitu gorriak, fruta arbolak…
Hasierako urte hauek lur hartzeko balio izan digute eta erronka berriei ekin nahi diegu hemendik aurrera basagunetarrok. Bost lagun gara 2026ko apirilan: June, Zesar, Elena, Paula eta Peru. Nekazaritza ekologikoaren barruan eredu biointentsiboa erabiltzen ikasten ari gara, eta baso jangarria ere garatzen goaz.








Primerako elikagaien ekoizpenaz haratago, bertan egon ahal izateak hain beharrezko dugun naturarekiko lotura eskaintzen digu, egoteko leku bat, izaki bizidunen artean, naturaren erritmoak eta joerak ulertuz, pausalekua hartuz… Naturan kokatutako egongela batean goza dezakezun guztia…
Basaguneko taldean bost lagun egoteaz haratago, halako leku batek jarduera sozialarekin izan ditzakeen loturatan sakontzeko gogoa daukagu eta horretarako antzeko beste proiektuekin hartuemanetan jartzeko gogoa daukagu.
Gure esperientzia beste batzuengana hurbildu eta guk baino gehiago dakitenen jakinduria gugana ekarri nahi dugu ere, herri mailan ortu txikiak dauzkaten pertsonen arteko laguntza sustatuz, adibidez. Larrabetzuko (edo eskualdeko) Hazien Sarea eratu nahi genuke. Ortugintzarekin eta naturarekin zerikusia daukaten formakuntzak eta topaguneak proposatzen hasiak gara eta bide horretan sakondu nahi genuke, bisitak gurean hartuz eta guk beste proiektu batzuei bisita eginez.
Hainbeste dira jakin beharrekoak naturarekin harremanetan, hain luzea da bidea bizimodu hiritarretik datorrenarentzat (gu gehienok)… Baina halaber hain da oparoa bueltan jasotzen dena, elikagaiez gain, elkarbizitzan, naturarekiko birkonexioan, edertasunean… Bizitza-bide bat da, erritmo batzuk ere markatzen dituena, urtaroen arabera, ilargi eta eguzkiaren arabera, eguraldiaren arabera… Lanaldi-opor kontzeptua adibidez hankaz gora jartzen da. Ortuan oporrik ez dagoela esan daitekeen bezala, lanaldirik ez dagoela ere esan liteke, gustora egiten bada.
Ume eta gaztetxoen presentzia garrantzitsua da edozein komunitatetan, haientzako egokiak diren espazioak guztiontzat egokiak diren espazioak baitira. Gure seme-alabek zein gureak ez direnek naturarekin harremanetan egoteko txoko bat edukitzea funtsezkoa da haien eta guztion hazkuntzan.