KUID

Natura parkean jolas aberatsa

Bloga / 2026-04-20 5:17 pm Natura parkean jolas aberatsa Gaur egun ume gehienek parke hitza entzuten dutenean, naturgune bat baino, umeentzako espreski diseinatutako kolorinetako parke aseptiko horiek irudikatzen dituzte. Eta tristea da, mugatua den bezala gomazko eta burdinezko eraikuntza horietan gara daitekeen jolasa. Lemoako herriak altxor bat dauka eta udaberri-uda honetan ezagutuko du, Kamane natura parkea aisialdirako leku oso interesgarria izateko bidean baita. Naturan kokatu eta dagoena errespetatu eta naturak ematen dituen aukerak balioan jartzeko politikarekin garatu nahi da natura parke hau. Lemoako Umeen Kontseiluak iaz egin zituen bere lehen lanak bertan eta aurten berriro ekin dio horri, baina ez gara bakarrak, badira eta herriko beste eragile batzuk ere gune honi buruz pentsatzen eta diseinatzen. Martxoaren 24ko saioan Kamanera joan ginen aurtengo Umeen Kontseiluko hamaika umeak Esther Iturrioz alkatearekin batera. Umeak lanera gentozela konbentzitzea kostatu egin zitzaigun, eguzkia lagun bertara iritsi bezain laster makilekin, arbolekin eta abarrekin jolasean jarri baitziren. Jolas horrek argitu zigun ordea lanerako bidea, izan ere gure lanaldiek bi orduko iraupena dute eta, atrakzio parke batetik hurbilago zeuden umeen hasierako eskaeratatik, jarrera aldatzen joan zen eta parkerako eskatzen zituzten gauzak bestelakoak izatera pasa ziren, beharrizanak argiago ikusten baitzituzten jolastu ahala, naturaren baliabideekin busti ahala. Naturan libreki jolasteak jolas bizia eragiten baitu. Hala, egite horretan kokatu genituen iturriak (egarri ginelako), aukeratu genituen mahai eta aulki modeloak (gurasoak nonbaiten kokatu beharra ikusten genuelako;), aztertu genuen zakurren gaia nola konpondu (umeak seguru egoteko eta dena kakazatuta ez egoteko), aipatu genuen ondoan dagoen tabernarena, amets egin genuen zuhaitz-etxeren bat jartzea ederra izango zela, ikusi genituen bertan dauden gauzek eskaintzen dituzten jolasteko aukera anitzak… Hemen ikusi eta jaitsi ditzakezue saio honetako argazki guztiak: https://flic.kr/s/aHBqjCPccV